XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ibillaldi andi orrekin len pixkat euskera eta Euskalerria ikasteko gogoa balin bazuan, izugarri anditu zitzaion gogo ori eta lagun bat arturik (Bockelmann) etorri zan berriz onera Orrilla, guzia emen emanik.

Bayona'tik kostatik ziar iritxi zan Zarauz'erañok eta ango Narros jauregi ederrean ikusi zuan Fausto Corral jaun soñuzalea eta ziñez onek eman zion Lelo kantuaren berri eta baliteke erakustea ere kopiaren bat, bestela ezlioke Humboldt'ek emazteari Getari'tik Orrillako 2'an auxe esango Tiene un tono propio de fuerza y es algo absolutamente nuevo.

Jarraitu zuten andik Ondarru'raño eta sartu ziren gero Markina'ra bertako Munibe jauregi ikusgarrian lo eginik Orrillako iruan eta lauan: Murga eta J. A. Moguel'en laguna egin zan.

Andik Bergara'tik ziar Gasteiz'era, eta an Prestamero eta Louis Bonaparte'kin egon zan.

9'an iritxi ziren Durango'ra eta Astarloa'kin egon zan bost egunian, juanik 14'an Bilbao'ra.

Danok dakizute 15'an Done Isidro eguna dala eta basarritarrak jaia oi dutela Bilbao'n, beste toki askoren erara; jai ori ikusi zuan Abando edo Albia'n gure adiskide Humboldt'ek eta ango ipurdikoen berri ematen zion emazteari nere liburuan ikusi dezakezuen bezela eta (nere lana aipatu gabe) Txistulari'k ematen duan bezela.

Emen utzi zion Bockelmann lagunak Cadiz'era zijoalako eta gure jakintsua izan zan burdin minak ikusten eta ez Janizuela Humboldt'en artezkari danok orain arte ipiñi duten bezela, baizik Jarrizuela edo Jarrezuela eta zegoan Putxeta geldokitik kilometro erdi ego-aldera, oraingo Venerillas'en.

18'an atera zan Bilbao'tik eta kostatik ziar juan zan Motriku'raño; andik Astigarribia, Elgoibar, Azkoiti eta Azpeiti'ra, emen (eta ez Azkoiti'n) ikertu zituan Iturriagak Murga markinarren aideak 22'an.

Bijaramonean igo zan Iturriotze'ko bentara eta gero jarraitu zuan Asteasu eta Villabona'ra, sekulako bide gaitza.

Urrengo Ernani, Oyartzun, Irun eta Bayona'ra 24'an.

Gero Ustaritz, Baigorri, Orreaga, Donibane Garazi eta Maulerat 30'an.

Azkenengoz Bayona'ra eta bereala Paris'era emazteakin alkartzera.

Luzetxo egingo litzaidake bere lanen berri ematen asiko banintz; gañera asmo ori euskeraz egiteko gogoa duena badago, lenago beste jakintsu batena egin zigun bezela; da legazpiar alemana, Baehr deritzona.

Bakarrik; esango dizuet gaur, gure Riev ederra irakurtzen dezutenori, an irakurtzen dituzuen Oihenart`en Atsotitzak Humboldt'ek billatu zituala Paris'eko Bibliothèque Nationale, iñun dagoan andiena.